Irakurtzen eta idazten sakontzea da programa honen helburua, umeari material egokia eman eta alde horiek landu ditzan. Materiala ordenagailuaren bidez prestatzen da datu-baseko hiztegiarekin; sortutako materiala paperean inprimatu edo ordenagailuan bertan erabil daiteke.
Haur Hezkuntzari edo Lehen Hezkuntzako lehen zikloari begira eginda dago, baina irakurtzen eta idazten zailtasunak dituen edozein umek erabil dezake, baita heziketan behar bereziak dituzten ume nagusiek ere.
Programak hiztegi zabala du, hitzak eta haien irudiak gordetzen dira. Umearen inguruneari egokitzeko, hitz gehiago sartu edo badaudenak alda daitezke.
Hiztegi honekin hainbat material sor daiteke, eta ume, klase edo talde batentzat inprimatu. Umeek ariketak egin dituztenean, emaitzak ere gorde daitezke ebaluazio moduan. Datuok datu-basean gorde eta ume, klase edota taldearen eboluzioaren azterketa sakona egin daiteke; baita hiztegia edo sortutako materialaren egokitasuna neurtu ere.
Lengoaia honela ulertzen da:
- Partaidetza sozial aktiboan eta integrazioan laguntzen duen komunikabidea.
- Pentsamendu-egiturak garatzeko tresna.
- Geroko ikasketak ahalbidetzen dituen medioa.
Lengoaia semantikoan bi alderdi bereizten dira:
- Ulermena, besteen lengoaiaren interpretazio egokia.
- Adierazpena, norberaren pentsamenduaren adierazpena.
Irakurtzen eta idazten ikastea pertsona bakoitzaren eta taldearen araberakoa denez, ez da metodologia jakinik definitzen, ikaskuntza honen baldintza eta eskakizunak kontuan hartu behar baitira (lengoaiaz jabetzeko behar diren gaitasunak). Honako hauek dira:
- Entzumena garatzea.
- Ikusmena garatzea.
- Imitazioa garatzea.
- Artikulazio-gaitasuna garatzea.
Elkarketa-gaitasuna garatzea.
- Sinboloak sortzeko, globalizazio- eta sintesi-gaitasuna garatzea.
- Memoria garatzea.
Ematen den materialak irakurketa modu orokorrean lantzeko aukera ematen du; baita umearen gustuko gaiak edo curriculumean proposatuak ikusteko ere.
Programarekin metodo sintetikoak ere landu daitezke, unitate azpilexikoetatik hasi eta hitzetara heldu arte.
Hitzezko arrazoibidea bultzatzea dugu helburu. Kategoriatan sailkatzeaz, deskribatzeaz, parte hartzeaz, etab. bezalako gaitasunez jabetzeko eta garatzeko dira xede batzuk.
Banaka garatzeko programen curriculumean adierazitako helburu bereziak batzen ditugu lengoaia-arloan:
- Lengoaiaren aurretiko gaitasunak garatzea eta jabetzea.
- Keinuzko komunikazioko gaitasunak garatzea eta jabetzea.
- Hitzezko komunikazioko gaitasunak garatzea eta jabetzea.
- Idatzizko komunikazioko gaitasunak garatzea eta jabetzea.
Horrek ikasleei honako aukera hauek eskaintzen dizkio:
- Irakurtzen eta idazten hastea.
- Prozesuaren kalitatea hobetzea.
- Ezagutzak handitzea.
- Errekuperazio-prozesuetan laguntza jasotzea.
Horrek guztiak ikuspegi asko ditu, beti osagarriak direnak.
Programatu daitezkeen jarduerak hitzezko irakurketaren hutsuneak hobetzeko dira; adibidez:
- Hitz, silaba edo hizkiak kentzea.
- Hitz, silaba edo hizkiak gehitzea.
- Hitz, silaba edo hizkiak errepikatzea.
- Alderantzikapenak.
- Ordezkapenak edo nahasketak.
