Programaren egituraketa eta jardueren banaketa
Programa zazpi ataletan banatuta dago:
1. Musika hizkuntza
2. Kantua
3. Dantzak
4. Jokoak
5. Entzumena
6. Instrumentazioa
7. Ebaluazioa
Atal hauek, gainera, azpiatalez osatuta daude. Azpiatal horiek, bakoitzari dagozkion edukiak ikasi eta ikasitako hori lantzeko, zenbait ariketaz osatuta daude.
1 - Musika hizkuntza
Atal hau bi zatitan banatzen da, eta zati bakoitza hainbat jardueratan:
- Ikasi:
- Ipuina: notak ezagutzen
Ikasleak atal honi dagokion ikonoan klikatu ondoren, ipuin bat irakurtzeko aukera du. Ipuin honen helburuak bi dira: batetik, do, re, mi, fa, sol, la eta si notak ikasleari aurkeztea; bestetik, ikasleak, nota horien bidez, soinua nola eratzen den ezagutzea.
- Solfeoaren oinarria ikasten
Jarduera honen bidez, ikasleak musika munduan garrantzitsuak diren zenbait definizio ikas ditzake. Besteak beste, erritmoa, zelula erritmikoa, isilunea, konpasa, marra zatitzailea, pentagrama eta sol klabea.
- Teoria gehiago lantzen
Jarduera honetan, pentagraman nota bakoitzari dagokion posizioa zein den eta zelula erritmikoen funtzionamendua zertan datzan azaltzen zaizkio ikasleari.
- Ikasitakoa landu:
- Diktaketa melodikoak eta erritmikoak
Jarduera honen bidez, ikasleak soinuak entzun eta idazten ikasiko du. Horretarako, entzuten duena bere musika koadernoko pentagraman idatzi beharko du.
Diktaketa melodikoen kasuan, melodia hartu beharko du kontuan, eta soinuari dagozkion notak idatzi (konpasak eta zelula erritmikoak ahaztu gabe). Diktaketa erritmikoen kasuan, berriz, erritmoa da landu beharrekoa. Horretarako, ikasleak, la nota erabiliz, soinuaren erritmoa idatzi beharko du pentagraman.
- Marra zatitzaileak
Ikasleari, jarduera honetan klik egin ondoren, musika nota batzuk dituen pentagrama bat agertuko zaio. Ikasleak marra zatitzailea aukeratu eta pentagraman dagokion lekuan ipini beharko du erritmoa, konpasa eta notak kontuan harturik.
Ikasleak 2. mailako zailtasuna duen ariketa aukeratzen badu, marra zatitzailea konpas zailagoetan ipini beharko du.
- Nota zuzena
Ikasleak jarduera honetan klik egiten duenean, musika noten sekuentzia bat agertuko da hutsune batekin, eta falta zaion nota zein den aukeratu beharko du hiru nota posibleren artean.
- Harrapatu
Jarduera honetan, ikasleari galdera bat egingo zaio, eta galdera horri dagokion erantzuna harrapatu beharko du pantailan agertzen den eskuaren ikonoarekin.
- Nota ezkutua
Jarduera honetan, irudi batzuk agertzen dira, eta musika noten izenak irudi horien izenen zati bat dira. Ikasleak zein musika nota den asmatu behar du irudia ikusita.
- Konpas okerra
Jarduera honetan klikatu ondoren, ondo dauden eta gaizki dauden konpas batzuk agertuko dira. Gaizki daudenak aukeratu beharko dira.
2 - Kantua
Ikasleak atal honetan klikatzen badu, ez da jardueren aurkibiderik agertuko, atal honetan jarduera bakarra dagoelako. Bertan, partitura bat agertuko da, eta ikasleak zein eta zenbat konpas entzun nahi dituen aukeratu beharko du, ondoren, berak bere ahotsarekin abesteko. Aldi berean, ikasleak bere kantua grabatzeko nahiz entzuteko aukera izango du; ezin izango du, hala ere, beste saio baterako gorde.
3 - Dantzak
Atal honetan klikatu eta gero, Euskal Herrian ezagunak diren hainbat dantzaren izenak agertuko dira. Ikasleak ikusi nahi duen dantzaren gainean klik egiten badu, dantza horren bideoa ikusi ahal izango du.
4 - Jokoak
Programaren edukietan zehar ikasleak aurrera doazen heinean eta gauza berriak ikasten dituzten heinean, musikarekin lotuta dauden joko batzuetan joka dezakete.
- Egin bikoteak
Jarduera honetan, irudiak buruz behera agertzen dira, eta ikasleak irudi bakoitzean klikatu behar du bikotea aurkitzeko.
- Bilatu akatsak
Joko honetan, pantailan agertzen diren irudi bien artean lau desberdintasun aurkitu behar dira.
- Puzzlea
Hemen, ikasleak ezkerraldean agertzen zaion irudia egiten saiatu behar du, ahalik eta bizkorren.
- Solferinoren izpiak
Solferinok zazpi izpi ditu. Ikaslearen zeregina zera da: pantailan agertzen den galderaren erantzuna (hitz bat) asmatzea, hitz horrek zenbat hizki dituen jakinda.
- Hizki zopa
Hizki zopan lau hitz daude ezkutatuta. Ikaslearen lana hitz horiek aurkitzea da. Laguntza modura, hitz bakoitzari dagokion irudi bat izango du.
- Margotu
Joko honetan, pantailan agertzen den marrazkia margotzeko aukera du ikasleak. Nahi izanez gero, irudi hori inprimatzeko aukera ere badu.
- Karaokea
Hemen, ikasleak bere kantu trebetasuna neurtu ahal izango du. Aukera bi daude: kantua ahotsarekin entzun edota kantua ahots gabe entzutea.
5 - Entzumena
Jarraian, atal honetako jarduerak azaltzen dira:
- Ikasi:
- Ezagutu inguruneko soinuak
Jarduera honek ikasleak bere inguruan entzuten dituen soinuak lantzeko balio du.
- Ezagutu soinu ezagunagoak
Jarduera honetan, ikasleak oso ezagunak diren soinuak lantzen ditu. Hainbat irudi agertzen zaizkio, eta sagua irudi bakoitzaren gainetik pasatuz gero, bakoitzari zein soinu dagokion entzun dezake.
- Soinuaren ezaugarriak
Jarduera honekin ikasleak soinuaren ezaugarriak bereiz ditzala lortzen da. besteak beste, altua eta baxua, soinua eta isilunea, ahula eta bortitza, laburra eta luzea.
- Ikasitakoa landu:
- Ordenatu irudiak
Hemen, entzuten dituen soinuen ordenaren arabera, ikasleak irudiak ordenatu behar ditu.
- Igarri irudiak
Aukera honetan klik egiten denean, irudi batzuk eta irudiei dagozkien soinuak agertzen dira. Ikasleak soinu bakoitzari dagokion irudia hautatu behar du.
- Batu taldeetan
Ikasleak, jarduera honetan, inguru eta era berdineko soinuak batu beharko ditu gezien bidez.
- Soinuak lantzen
Ikasleak, agertzen doazen soinuak altuak edo baxuak, soinuak edo isiluneak, ahulak edo bortitzak eta luzeak edo laburrak diren adierazi behar du.
6 - Instrumentazioa
Bi jarduera bereizten dira:
- Ikasi:
- Landu instrumentuak
Jarduera honetan, zenbait instrumentu agertzen dira, eta bakoitzaren gainetik saguarekin pasatuz gero, instrumentuek nolako soinua duten entzun daiteke. Horrez gain, irakurri... jartzen duen tokian klikatzen bada, instrumentuei buruzko azalpen motz bat irakur daiteke.
- Ikasitakoa landu:
- Lotu instrumentuak
Jarduera honetan, instrumentuen irudi batzuk agertzen dira eta azpian hiru botoi. Irudi baten gainetik saguarekin pasatuz gero, soinu bat entzuten da. Soinu hori dagokion instrumentuarekin lotu behar da.
7 - Ebaluazioa
Atal hau bereiziki irakasleei zuzenduta dago. Honekin irakasleak ikaslearen jarraipen zehatza egiteko aukera du. Hiru multzotan bereiz daiteke:
- Aukeratu ikaslea. Hemen, aztertu nahi den ikaslearen izena hautatu behar da.
- Erabiltzailearen kudeaketa. Hemen, hainbat aukera eskaintzen dira: irakaslearen pasahitza aldatu, ikaslearen pasahitza aldatu, ikasleen zerrenda ikusi, ikasle berria sartu, ikaslea ezabatu eta ikasle bati iruzkin bat sortu.
- Emaitzen kudeaketa. Hemen ere hainbat aukera eskaintzen dira: ikasle baten emaitzak ikusi, emaitzak ezabatu, emaitzak diskete batera edota diskora pasatu.