Unitateak testu mota bat du oinarri. Testu mota hori lantzea da helburu nagusia, betiere komunikazioa bilatuz eta testuinguru hurbilak eta errealak eskainiz. Oinarri teorikoa ikasgelan dago landuta. Lantze honetan eredu ugari eskaini eta horiekin jardutea proposatzen da.
Unitate guztietan saio batzuk aurkituko dituzu. Saioak egiteko ordena zehatz bat proposatzen dizugu gezien bidez. Beste edozein ordenatan egin badaitezke ere, unitatearen helburuak lortze aldera, zentzuzkoena da aldez aurretik geziek seinalaturiko bidea jarraitzea.
Saioek testua dute oinarri. Ahozkoa zein idatzia izan daiteke. Berehala konturatuko zara ahozkoari eman diogula lehentasuna, audio- zein bideo-formatuan, idatziak sarriago landuko baitituzue gelan.
Testuei lotuta, ariketa bat edo batzuk azaltzen dira, erantzunak erantsita. Bada erantzun irekiagoa duen ariketarik. Horrelakoetan, erantzun bat eskaintzen dizugu, zurearekin aldera dezazun.
Ariketetan zer egin behar duzun argi eta garbi jakin dezazun, pantailaren ezkerraldean agertuko zaizkizun instrukzioei jarraitu besterik ez duzu, eta horrela ere zalantzarik bazenu, ? laguntza botoia sakatuta, orientabide bat edo beste azalduko zaizu. Ariketetan beti topatuko duzu eginda ariketetako bat, eta horrek bidea erakutsiko dizu. Hortaz, kasu egin adibideei.
Edozelan ere, zertan ari zaren uneoro jakiteko, onena duzu saioen mapari begiratzea. Hor saioaren sekuentzia zein den eta zer lantzen ari zaren labur dago azalduta. Gida orokorrean, berriz, unitate osoaren azalpena aurkituko duzu.
Azkenik, unitate guztien bukaeran, ebaluazio-fitxa topatuko duzu. Unitateak daukan helburu nagusiari begira dago prestaturik. Nolako helburua, halako lana eskatzen da, ikasi beharrekoa edo nabarmendu nahi duguna berriz ere gogora ekartzeko. Hortaz, ebaluazio-lana hausnarketa-lana da batez ere.
Hona hemen gida orokorra unitatez unitate aurkezturik. Unitate bakoitzaren gidaren ostean saioen mapa eskaintzen dizugu, egin beharreko bidea arinago eta errazago ikus dezazun.